Sarrera

Eibarko Udalak Euskara Mintegiarekin elkarlanean eibarko-euskara.com webgunea berritu du. Webgune berrituan Eibarko Euskara Hiztegiaz eta argitalpenez gain, albisteak, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN), Eibartarren Ahotan, eta Ahotsak.com egitasmorako eibartarrei egindako grabazioak daude erabiltzaileen eskura.

Webgune honetan Eibarko Euskara Hiztegiaren itxura gaurkotu egin da, eta edukiak orraztu eta txukundu. Argitalpenen atalean, Eibarren euskaraz argitaratutako materialak eta Eibarko euskararekin zerikusia dutenak daude jasota. Atal berrien artean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan Eibarko Plan Estrategikoa eta urteko Kudeaketa Plana daude; Eibartarren Ahotan eta ahotsak egitasmoetarako loturetan eibartarren audio eta bideo grabazioak daude ikusgai.

Horietaz gain albisteen atala ere sortu da. Bertan euskararen gainean Eibarren sor daitezkeen albisteak agertuko dira, bai udalak, bai Eibarko erakunde zein elkarteek sortutakoak.

Eibarko-euskara.com Eibarko euskararen inguruko kezka, zalantza edota interesa dutenei ezezik Eibarren euskararekin zerikusia duten berriak jaso nahi dituztenei ere zuzendua dago.