MULTIKIROLAK, KIROLA EUSKARAZ

Multikirolak Lehen Hezkuntzako 3, 4, 5 eta 6 mailetako ikasleei zuzendutako eskolaz kanpoko egitasmoa da. Gipuzkoa osoan burutzen da Foru Aldundiaren, udalen eta ikastetxeen lankidetzari esker.

Eibarren ahalegin berezia egiten da egitasmoa euskara hutsean garatu dadin. Horretarako kirol monitore euskaldunak   dituen enpresa kontratatzen da.

Helburua kirol entrenamenduetan umeei euskara erabiltzeko aukera ematea da. Urtez urte euskararen erabileraren neurketak egin dira. Batetik umeek euren artean erabiltzen duten hizkuntza zein den, eta bestetik monitoreari zuzentzen zaizkionean zein hizkuntza erabiltzen duten. 

Pasa den ikasturtean jasotako datuen arabera umeen %61ek euskaraz hitz egiten du bere taldekideekin, eta kirol monitorearekin euskaraz egiten dutenak umeen %69a dira.

Guztira 459 umek parte hartu dute 22 taldetan banatuak. 9 taldetan hizkuntza nagusia gaztelania izan da eta 13tan euskara.

Monitoreek egindako oharrak ere aipagarriak dira: ume askok ez dutela inolako ohiturarik euskaraz hitz egiteko, eta batzuen kasuan zailtasunak dituztela euskaraz  komunikatu ahal izateko.

Umeak txertatuak  dauden esparru guztietatik ahalegindu behar gara umeen euskalduntzea ahalik eta errazena, erosoena eta osoena izan dadin.

Aurten umeak multikiroletan apuntatu dituzten gurasoei idatzi bat banatuko zaie, familiatik ere  euskararen erabilera indartu dezaten, umeak animatuz eta ahal duten neurrian larunbatetako partidetan euskara erabiliz.

Gaur egun ez dago zalantzarik kirolaren onuren gainean: onura fisikoak, psikikoak, sozialak... Beste bat gaineratuko diogu: aisialdiaz gozatzen duten bitartean euskara erabiltzeko aukera aproposa dute.