Albisteak

EIBARKO AHOZKO ONDAREA IKASTETXEETAN

Badihardugu Euskara Elkarteak Udalaren laguntzarekin eta Schindler (www.schindler.es/esp-index) enpresaren babesarekin, ikasturte honetarako martxan jarri du Ahotsak.com ikastetxeetan egitasmoa. Egitasmo horren bitartez Eibarko ahozko ondarea ikastetxeen esku jarri da. Horretarako www.ahotsak.com web gunean atal berezi bat zabaldu da. Bertan ikastetxeek lantzen duten kurrikulumarekin lotura duten eibartarren pasarteak jaso dira.

Egitasmo honetan parte hartzen dihardute  San Andres, Aldatze eta Juan Antonio Mogel ikastetxeek.

IRRIEN LAGUNAK KLUBA UME ETA GURASOENTZAKO

www.irrienlagunak.com web gunean ume eta gurasoentzako kluba aurkituko duzue.Sartu eta probatu. Lehiaketak, Irria aldizkaria, lagunei zorionak emateko tartea eta hamaika gauza aurkituko duzue, bai gurasoontzat, bai umeentzat.

"MODAREN SEKRETUAK: TENDENTZIAK ETA AHOLKUAK" IKASTAROA ...ETA KITTOn

...eta Kitto! Euskara elkartean Modaren sekretuak: tendentziak eta aholkuak ikastaroa eskainiko da azaroaren 3an, 10ean, 17an, eta 24an, 18:30ean hasita.

Izen-ematea urriaren 17tik 28ra dago zabalik ..eta kitto! euskara elkartean bertan (Urkizu, 11 solairuartea) edo telefono honetara deituta: 943 200918.

Bazkideek eta berbalagunek 10 € ordaindu beharko dute, eta  gainontzekoek 12 €.

2011KO EUSKADI LITERATURA SARIAK JUAN SAN MARTIN UDAL LIBURUTEGIAN

2011ko Euskadi Literatur Sarietan Ur Apalategi Fikzioaren izterrak ipuin bildumarengatik izan da saritua euskarazko sailean. Miren Agur Meabek Errepidea lanarengatik lortu du haur literatura saria.

Itzulpenen atalean, irabazle Carlos Zabala izan da Zubi bat Drinaren gainean lanarekin, eta euskarazko saiakera atalean Joseba Sarrionandia  Moroak gara behelaino artean? saiakerarekin.

Lan horiek guztiak Eibarko Juan San Martin Udal Libururtegian dituzue eskuragarri.

HOBETUZen IKASTAROAK EUSKARAZ UEUn

HOBETUZ programako ikastaro batzuk euskaraz eskainiko dira, lehen aldiz UEUren eskutik. Ikastarook doakoak dira EAEko langile eta langabetuentzat.

Honako hau da UEUn egingo den eskaintza:

  • Bileren dinamizaziorako teknikak
  • Ideiak sortu eta antolatzeko teknikak: buru-mapak (mind-mapping)
  • Linux erabilten hasi: Ubunturako sarrera.
  • Jendaurrean hitz egiteko teknikak.

Informazio gehiago  http://www.unibertsitatea.net/blogak/ueu365/hobetuz-langile-eta-langabet... helbdean klik eginda.

ARRETA FALTA ETA HIPERAKTIBITATEARI BURUZKO IKASTAROA MARKESKOAN

UEUk antolatu de Arreta falta eta hiperaktibitatea duten ikasleekin modelatze-lana izeneko ikastaroa.

Azaroaren 3an hasi eta ostegunero izango da abenduaren 1 arte, 17:00etatik 20:00etara. Guztira 15 ordukoa izango da.

Ikastaroa AFHN (TDAH) duten umeen guraso eta irakasleei dago zuzendua. 

Informazio zabalagoa http://www.ueu.org/ikasi/ikastaroa-ikusi/359/Arreta%2Bfalta%2Beta%2Bhipe... aurkituko duzue.

ILUNABARRIAN, BUAH TXABAL!

Bihar, urriak 19, ...eta Kito! Euskara elkartearen Ilunabarrian ekimenaren barruan Buah txabal! antzezlana eskainiko da Portalean, 19:30ean.

Unai Iturriaga bertsolariak idatzitako eta Jon Zubiaga  musikagile eta aktoreak antzeztutako lana da. Gazteak eta euskara da gaia.

INFORMATIKA IKASTAROA UEUren UDAZKENEKO ESKAINTZAN

Moodle 2.0 ren oinarrizko erabilera ikastaroa, on-line.

Ikastaro honek saio presentzial bakarra izango du azaroaren 3an, Markeskoan 17:00etatik 19:00etara. Guztira 20 orduko ikastaroa izango da.

Ikastaro hau irakasleei zuzendua dago, hezkuntza-testuinguru guztietakoei. Ikastaro honen bitartez, Moodle 2.0k ikastaroak sortzeko eskaintzen dituen tresnak ezagutzeko aukera ematen du. Moodle 2.0 modu autonomoan erabiltzen ikasteko baliabideak ere eskainiko dira.

Irakasleak Abel Camacho eta Pedro Lonbide izango dira.

AFARIKETAN EGITASMOAN 19 TALDE OSATU DIRA

Afariketan egitasmoa Eibarko Udalak Astixa enpresaren bitartez kudeatzen duen aisialdi programa da. Aurten 212 umek eman dute izena eta 19 taldetan banatuta jardungo dute astean bi egunetan.

Lehen Hezkuntzako umeak urriaren 17an hasiko dira eta Haur Hezkuntzakoak urriaren 24an.

"TANTRA: MAIATASUNAREN ATEA" IKASTAROA

UEUk udazkeneko eskaintzan antolatuta, Markeskoa jauregian eskainiko da urriaren 22an hasita. Oraindik izena emateko epea irekita dago.

Ikastaroa 40 ordukoa da, eta urriaren 22tik maiatzaren 19ra izango da, hilean larunbat bat, 9:00-14:00 bitartean.

Ikastaro hau egokia da bere burua hobeto ezagutu , bizitzaz gozatu  eta bere burua lasaitu eta bere gorputzarekin konektatu nahi duenarentzat.

Irakaslea Elisabeth Olaskoaga izango da, Pedagogian lizentziatua, gestalt terapian, sexologian eta tantran aditua.